transformacion 1

 

Udako Euskal Unibertsitatearen programaren barruan egingo da talde lan eraldatzaile eta parte hartzaileen inguruko doako ikastaroa. Uztailaren 11n, 9:00etatik 15:00etara, Eibarren, Markeskoa Jauregian.

Norbanako bakoitzaren ohiko portaeran, eraldatu nahi ditugun gizarte horren jarrerak eta dinamikak errepikatzen ditugu. Ezinbestean, gure taldeek ere dinamika eta egoera hauek errepikatzen dituzte. Gure talde “eraldatzaileen” funtzionamendua eraldatzen ez badugu, nekez lortuko dugu gizarte eraldaketa bat ematea.

Ikastaro honetan izango da aukera gai hau ezagutzeko, partekatzeko eta hausnartzeko; baita prozesu, esperientzia, bide eta gogoeta desberdinak, talde lanak eta dinamika eraldatzaileak eta parte-hartzaileak bermatzeko ere.

Ikastaro hau talde funtzionamendu eraldatzaile eta parte-hartzaileak sustatzeko interesa duten talde eta pertsonei zuzenduta dago eta metodologia praktikoa nagusituko da. Parte hartzaileak talde lanean arituko dira tailer edo gai ezberdinak aztertuz. Bestalde, ikastaroan aditu ezberdinez osatutako mahai inguru bat burutuko da.

Maider Sagredok, Emaús Gizarte Fundazioko hezkuntza teknikariak koordinatuko du eta irakasle bezala izango dira: Assumpta Ayerdi (Emaús Gizarte Fundazioko Hezkuntza eta Intzidentzia Arduraduna), Idoia Aldekoa (Elhuyar Aholkularitzako parte hartzeko teknikaria), Maider Sagredo (Emaús Gizarte Fundazioko hezkuntza teknikaria) eta Pilar Alvarez (Joxemi Zumalabeko kidea).

“Talde lan eraldatzailea eta parte hartzailea: bide eta proposamenak Euskal Herrian” ikastaroak ondorengo helburuak ditu:

- Talde lan eraldatzaile eta parte-hartzaile gakoak eguneroko funtzionamenduan identifikatzea.

- Talde lan eraldatzailea eta partehartzailea lortzeko bide, metodologia eta tresnak eskuratzea.

- Ikastaroan elkartzen diren bizipenetatik eta gogoetetatik ikastea.

Eta eduki hauek landuko dira:

- Talde-inklusiboak. Ahalduntzaileak eta eraginkorrak.

- Bizitzaren jasangarritasuna.

- Militantzia eta horizontaltasuna.

- Berrikuntza soziala.

Matrikula doakoa da eta izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 9tik uztailaren 3ra arte.

Informazio gehiagorako eta izena emateko : HEMEN