BIDELAGUNAK: Aretxabaleta, Arrasate eta Eskoriatzan elkarrekin egoteko espazioen gida sortu dugu Emaus eta Gu Haziak Gara-ren artean

Emaus Gizarte Fundazioan aspalditik ari gara kontsumo arduratsuaren eta komunitate inklusiboen alde lan egiten. Horregatik, Gu Haziak Gara Laguntza elkartearekin batera Aretxabaleta, Arrasate eta Eskoriatzan elkar egoteko tokiak identifikatu eta gida batean jaso ditugu; edonork toki hauetaz era askean gozatu ahal izateko.

Toki hauek identifikatzeko bailarako hainbat elkarterekin aritu gara lanean, elkarlanaren indarrean sinisten dugulako. Honen partaide izan dira, hortaz, Gu Haziak Gara elkartean parte hartzen duten emakumeak, Aretxabaleta eta Eskoriatzako Auzoko Egitasmoa, Cáritas-eko Bidean tailerra eta IMME emakume musulmanen elkartea. Prozesu parte-hartzaile honetan pertsona bakoitzak bere hazia ipini du, norbanakoen ezagutza partekatuz, denen artean landutako ortu bateko fruituak jasoz. Hortaz, batzuk ezagutzen dituzten tokiak aipatu eta besteei hauetara nola iritsi azaldu diete; beste batzuk, itzulpen lanak egin dituzte, euskara eta gaztelera ondo ez dakitenek prozesua ulertu ahal izateko; baita dinamizazio lanean trebeak diren pertsonak izan ditugu gure artean, prozesua arina, parte-hartzailea eta atsegina izan zedin.

Gida, beraz, parte-hartzaile bakoitzaren ezagutzaz osatzen da. Horregatik gida bat soilik ez dela diogu, sare-lana sustatu duen prozesu bat baizik; sare-lan honen emaitza herri hauetan bertan, eta baita inguruetan ere, topa ditzakegun elkar egoteko espazioen gida izan da.

Bai gida, bai hau sortzeko prozesuaren azalpena, Aretxabaletako Arkupe kultur etxean ezagutu daitezke otsaila bukaera arte Gu Haziak Garak duen erakusketan, elkarte honek egiten duen hainbat proiekturekin batera. Han gure txokoa izango dugu, non bideo baten bitartez prozesua ezagutu eta gida eskuratzeko aukera izango duzuen. Hortaz, Arkupera hurbiltzeko gonbita luzatzen dizuegu. Ezin duzuenontzat, baina, hurrengo link-etan ikusi dezakezue egindako lana. Komunitatean gozatzeko baliagarriak izan dadin espero dugu!

Prozesu hau kontsumo arduratsua eta inklusioa ardatz dituen proiektu baten markoan kokatzen da. Proiektua Costa Rica-ko CEP Alforjarekin batera garatzen ari da, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin.

 

 

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *