Emaus Gizarte Fundazioak eta Kooperak tamaina handiko hondakinak tratatzeko Urnietako instalazioaren ateak irekiko dituzte, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astean

Urnieta

Aurten, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea azaroaren 22tik 30era izango da, eta aste horretan bertan, Emaus Gizarte Fundazioak eta Kooperak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren laguntzarekin, ate irekien jardunaldiak egingo dituzte Urnietako tratamendu-instalazioan, zeina hondakin handien eta tresna elektriko eta elektronikoen (TEEH) kudeaketan espezializatuta baitago. Helburua da mota horretako hondakinak nola kudeatzen diren ezagutaraztea, berrerabilpena sustatzea eta jarduera horren inguruan sortu diren gizarteratze- nahiz laneratze-arloko enplegu-aukerak ikusaraztea. Bisitak azaroaren 24tik 28ra bitartean egingo dira, eta ekonomia zirkularrarekin lotutako eragile publiko eta pribatuak bilduko dira bertan.

Jardunaldi instituzionala hilaren 26an izango da, 13:00etatik 14:30era, eta ekonomia zirkularraren arloko ordezkari instituzionalek eta erakundeetakoek hartuko dute parte. Bertaratutakoek bertatik bertara ezagutu ahal izango dute zertan dautzan tamaina handiko hondakinak berrerabiltzeko bildu, sailkatu, konpondu eta prestatzeko prozesuak, batetik, eta zer gizarteratze- eta laneratze-ibilbide garatu dituzten arlo horretan diharduten langileek, bestetik. 

Bestalde, azaroaren 24an eta 28an bi ikastetxetako 67 ikaslek bisitatuko dute instalazioa, Oiartzo Ikastolakoak (batxilergoko 1. maila) eta Salestarrak Urnieta ikastetxekoak (DBHko 4. maila), eta hondakinen kudeaketara hurbildu eta kontsumo arduratsuaz eta ingurumen-konpromisoaz hausnartu ahal izango dute. 

Topaketan Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak izango dira, besteak beste Jose Ignacio Asensio, Jasangarritasuneko diputatua, eta Monica Pedreira, Trantsizio Ekologikoko zuzendaria, bai eta Urnietako alkate Jorge Segurado eta Astigarraga, Donostia, Errenteria, Usurbil eta Urnietako udaletako teknikariak ere. Horiez gain, bertan izango dira Debagoieneko, San Markoseko, Tolosaldeko eta Urola Kostako mankomunitateetako ordezkariak eta Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa (GHK), eta ikerketaren eta enpresaren arloko hainbat erakunde, hala nola Tekniker, HABIC klusterra, ISEA aholkularitza-enpresa eta Ondarreta firma.

URNIETAKO INSTALAZIOA: TAMAINA HANDIKO HONDAKINAK, TEEHak ETA GIZARTERATZEKO ETA LANERATZEKO ENPLEGU-AUKERAK

2024ko urtarrilaz geroztik, Emaus Gizarte Fundazioak eta Koopera-k batera kudeatzen dituzte beren jarduerarekin lotutako hondakinak (tamaina handikoak, TEEHak eta ehungintzakoak), bi instalaziotan jarduten duen ABEE baten bidez: Urnietakoa, tamaina handiko hondakinak eta TEEHak kudeatzera bideratua, eta Errenteriakoa, ehungintzako materiala sailkatzen eta baliarazten espezializatua. 

Aurtengo Ate Irekietan Urnietako instalazioan jarriko da arreta, han kudeatzen baita tamaina handiko hondakinen fluxua, etxeko bilketaren eredua erabiliz, zeinari esker % 60tik gorako berrerabilpen-tasa lortzera iristen den. Hondakinak bide publikoan bilduz lortzen den ehunekoa baino askoz handiagoa da hori, eta horren arrazoia da etxez etxe bilduta objektuak egoera hobean iristen direla, bestela baino gutxiago hondatzen direlako. Gero berrerabiliak izateko konpondu eta prestatzeko askoz aukera handiagoa dute horrela.


Ikuspegi horrek argi eta garbi erakusten du tamaina handiko hondakinak etxez etxe behar bezala biltzeak zer-nolako eragin positiboa duen, bai ekonomia zirkular eraginkor baterantz aurrera egiteko, bai horrelako hondakinak berrerabiltzearekin lotuta gizarteratzeko eta laneratzeko enplegua sortzeko potentziala handitzeko.

Jarduera horren bidez, gizarteratzeko eta laneratzeko zazpi enplegu sortu dira, horietako lau biltzearekin lotuta, eta beste hirurak hondakinak berrerabiliak izateko tratatu, konpondu eta prestatzearekin. Gainera, instalazio horretan bertan urtean 280 tona TEEH baino gehiago kudeatzen dira, eta % 40ko berrerabilpen-tasa lortzen da tresna elektriko txikietan, eta % 10ekoa handietan. 

HONDAKINEN KUDEAKETAREN INPAKTU JASANGARRIA

TEEHak egoki kudeatzea funtsezkoa da ekoizpen-eredu jasangarri baterantz aurrera egiteko, baliabide naturalen erauzketa murrizteko eta hondakin berriak sortzea saihesteko. Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2019-2030 Plan Orokorrak lehentasunezko helburutzat ezarrita dauka hondakinak berrerabiltzeko prestatzea sustatzea, batez ere zenbait fluxu, hala nola ehungintzako materiala, tamaina handiko hondakinak eta TEEHak. Esparru horretan, Emaus Gizarte Fundazioak eta Koopera Ingurumen Zerbitzuek konpromiso hori beren gain hartua dute, berrerabilpena gizarteratzeko eta laneratzeko tresna gisa kokatuz, eta, hala, Gipuzkoa bidezkoagoa, inklusiboagoa eta zirkularragoa izan dadin laguntzen dute. Bi erakundeen jarduerek, ekonomia zirkularra bultzatzeaz gain, kontsumo arduratsuaren gaian komunitateak parte hartzea eta herritarrek konpromisoa hartzea sustatzen dute.