Emaus Gizarte Fundazioak moda zirkularrarekin eta inklusioarekin duen konpromiso irmoa erakutsi du berriro Moda Jasangarriaren Desfilearen hamargarren edizioan
Emaus Gizarte Fundazioak parte hartu du Moda Jasangarriaren Desfilean, eta gure ereduaren balio eta garrantzia agerian geratu da beste behin: ehunak berrerabili, ingurumen-inpaktu positiboa eragin eta aldi berean bazterketa-egoeran edo -arriskuan dauden pertsonentzako lan-aukerak sortu, eredu horrek ez du parekorik. Prozesu zirkular guztia (biltzea, tratatzea eta saltzea) gizarteratze- eta laneratze-ibilbideen bidez egiten da, eta horrek aukera ematen du hondakinak baliabide bihurtu eta, aldi berean, enplegu duina sortzeko.
Pasarelan desfilatu zuten jantzi guztiak bide publikoko edukiontzietan, dendetako emate-guneetan eta etxez etxe bilduak izan dira; gero, ehungintzako hondakinetarako Errenteriako instalazioan tratatuak (ABEE bidez Kooperarekin batera kudeatzen dugu), eta, azkenik, Emaus Gizarte Fundazioak Gipuzkoan dituen sei dendetan salgai jarriak. Aurkeztutako look bakoitza stock erreala da, herritarrek benetan lor dezakete, eta berrerabilpenak kalitate eta estilo handiko oso produktu erakargarriak eskain ditzakeela nabarmentzen du horrek.
Aurkezpenean azpimarratu nahi izan zen 2024an Emaus Gizarte Fundazioak 280.000 jantzi baino gehiago berreskuratu zituela (horiek hondakin bihurtzea saihestu, beraz), eta beste kontsumo modu bat posible eta desiragarria dela erakusten duela horrek.
Ingurumenaren gaineko inpaktu positibo hori ez ezik, inpaktu sozial zuzena ere badu: gaur egun 17 pertsona ari dira lanean gizarteratze- eta laneratze-postuetan Fundazioaren dendetan, eta pertsonak erdigunean jartzen dituen eredu baten parte dira.
Pasarelan erakutsitako zortzi konjuntoek ederki konbinatu zituzten oraingo joerak (testurak nahastea, tonu marroiak, lima-berdea, gurin-horia eta cottagecore estiloaren itzulera), kalitate handiko jantzi berrerabili ondo hautatuekin. Larruzko pieza vintagetatik hasi eta oraingo estilo-nahasketetan buka, Emaus Gizarte Fundazioak ondo frogatu zuen moda jasangarria, arduratsua izateaz gain, ederra eta egungoa ere badela, eta diseinuko edozein marka bezain harro erakusteko modukoa.
Desfilean parte hartuz, Emaus Gizarte Fundazioak gogorarazi zuen jantzi bakoitzak bigarren bizitza bat izan dezakeela, berrerabiltzea ehungintzako materiala xahutzearen aurkako bide ahaltsua dela eta ekonomia zirkularretik ezin bananduzkoa dela gizarte-inklusioa. Konpromiso soziala, ingurumenaren zaintza eta sormena batzen ditu proposamenak, eta eredu bidezkoago eta jasangarriagoetarantz aurrera egitera bultzatzen ditu herritarrak eta modaren sektorea.
Beste berri interesgarri batzuk