equipo coordinación 2025

Emaus Gizarte Fundazioaren koordinazio taldeak 2025eko balantzea eta 2026ko kudeaketa planaren mugarriak partekatu ditu

Abenduaren 19an, Emaus Gizarte Fundazioaren koordinazio taldea – Zuzendaritza taldeak, prozesuen koordinatzaileek eta zentroetako arduradunek osatua – Altzon bildu da 2025eko Kudeaketa Planaren balantzea partekatu eta 2026ko mugarri nagusiak aurkezteko. Ariketa kolektibo honen bitartez, entzute zein ikaspen partekatua, eta lankidetza nahi dira sustatu.  

Topaketa hau 2024-2026 Plan Estrategikoaren hedapen prozesuan kokatzen da, zeinaren bitartez komunitatearen eraldaketa Fundazioaren jardueraren erdigunean kokatzen den. Horretarako, lankidetza-prozesuak eta -proiektuak bultzatzen ditugu kultura, hezkuntza, kirola, inklusioa, ingurumena, ekonomia eta halako esparruetan. Azken helburua: gizarte justuago, kohesinatuago eta iraunkorragoak eraikitzea. Horrekin guztiarekin batera,  pertsonei beren gizarteratze eta laneratze prozesuetan akonpainatzen diegu, inklusiorako gizarte zerbitzu, formazio eta lan-ibilbideen bitartez, ekonomia zirkularraren esparruan betiere.  

Emaus Gizarte Fundaziotik eskerrak eman nahi dizkizuegu 2025ean gurekin batera lan egin duzuen erakunde publiko-pribatu guztiei; elkarrekin buruturiko lankidetza eta sare lanak ahalbideratzen baitu proiektu eta prozesu eraldatzaile honekin aurrera egitea. 2026ra begira, aliantza eta entitate gehiago batu nahiko genituzke, guztien artean  garaiko erronka sozialei aurre egin diezaiogun.