Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zarauzko Udalak, Emaus Gizarte Fundazioaren laguntzarekin, “Zarautz oinarrian” proiektuaren aurrerapenak aurkeztu dituzte

ZARAUTZ OINARRIAN

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zarauzko Udalak, Emaus Gizarte Fundazioaren laguntzarekin, “Zarautz Oinarrian” proiektuaren aurrerapenak aurkeztu dituzte Zarautzen.  

Eredu aitzindari horren helburua da arreta pertsonalizatua, erakundeen arteko lankidetza eta komunitatearen inplikazioa indartzea, pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako laguntzak eskainiz eta pertsona horiek gizartean erabat sar daitezen lagunduz. Aurkezpenean, Eider Mendoza diputatu nagusiak, Maite Peña Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuak eta Xabier Txurruka Zarauzko alkateak baliabide berriak bisitatu zituzten, eta baliabide “eredugarria” dela nabarmendu zuten, hainbat erakunde publikoren eta gizarte-zerbitzuetako eragileen (besteak beste, Emaus Gizarte Fundazioa) arteko lankidetza-gobernantzaren erakusgarri den esperientzia pilotua.

Aurkezpenean izan ziren, halaber, Emaus Gizarte Fundazioaren aldetik, Aitziber Zubillaga zuzendari nagusia eta Iune Polo inklusiorako gizarte-zerbitzuen arduraduna. Biek azpimarratu zuten garrantzitsua dela hurbiltasunetik, pertsonalizaziotik eta erakundeen eta gizarte-entitateen arteko lankidetzatik lan egitea inklusio-ibilbide sendo eta jasangarriak eraikitzeko.

“Zarautz Oinarrian” proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zarauzko Udalak eta udalerriko gizarte-erakundeek sustatutako hausnarketa- eta diagnostiko-prozesu bateratu batetik sortu da. Prozesu horren helburua da kalteberatasun-egoeran dauden pertsonentzako arreta eta laguntza-hornidura hobetzea, dauden baliabideak optimizatuz eta gizarteratzeko ibilbide pertsonalizatu eta jasangarriak sustatuz.

Ereduak hiru baliabide osagarri ditu:

  • Eguneko zentro bat, bazterkeria egoeran dauden pertsonei eguneko arreta eta akonpainamendu komunitarioa eskaintzen dizkie, haien autonomia, parte-hartzea eta lotura soziala sustatzeko.
  • Bi etxebizitza, gizarte-bazterketako egoeran dauden eta laguntza pertsonala eta harreman-laguntza egonkorra behar duten pertsonentzat. Espazio horiek aukera ematen dute bizikidetzan, hurbileko laguntzan eta loturak berreskuratzean oinarritutako inklusio-prozesuak garatzeko.
  • Etxetik udal programa, laguntza-sare bat osatzen du kalteberetasun-egoerei modu integralean heltzea erezteko.

“Zarautz Oinarrian”, azken batean, esperientzia pilotua da,  Urola Kostako eskualde osorako eta Gipuzkoako beste udalerri batzuetarako erreferentea izan nahi duena. Ikuspegi integral eta komunitarioak gizarte zerbitzuen eredu berri baten oinarriak ezartzen ditu, arinagoa, kolaboratiboagoa eta jasangarriagoa, pertsonen benetako inklusiora eta komunitate solidario, berdinzale ea inklusiboak indartzera bideratuta.