Jasangarritasunak eta konpromiso sozialak markatuko dute izarren bidea Donostia Zinemaldian

Zinemaldiaren 73. edizioan, 1.840 m² alfonbra gorri jasangarri estreinatu dira. Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eman du, eta material birziklatu eta birziklagarriekin egin da osorik
Donostiako Zinemaldiak berriro hartuko ditu izarrak alfonbra gorri jasangarri baten gainean (1.840 m²). Alfonbra hori % 100 birziklatu eta birziklagarriz eginda dago, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren lankidetzari esker. Alfonbra Kursaal jauregiaren kanpoaldean jarriko da, María Cristina hotela Victoria Eugenia antzokiarekin lotzen duen tartean. Xede horretarako, Jasangarritasun Departamentuak 30.000 euro bideratu ditu guztira.
Zinemaldia amaitzean, moketa ez da baztertuko; aitzitik, mila poltsa berrerabilgarri baino gehiago bihurtuko dira, eta Gipuzkoako Elikagai Bankuari entregatuko zaizkio, enplegu inklusiboa sortuz eta klima-aldaketaren aurkako borrokan lagunduz, Emaús Gizarte Fundazioarekin eta SpanSet Gipuzkoako enpresarekin lankidetzan.
Poltsa berrerabilgarriak egiteko, 300 lan-ordu inklusibo baino gehiago egingo dira; alfonbraren berrerabilerak, berriz, 1.239 kg CO2, isurtzea saihesteko eta 320.000 litro ur baino gehiago aurrezteko aukera ematen du, eta horrek erakusten du kultura-ekitaldi handiak ingurumena eta gizartea eraldatzeko motorrak izan daitezkeela.
Gaur goizean, José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak eta José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak publiko egin dute proiektua, Carlos Martínez Gipuzkoako Elikagai Bankuko presidenteordeak, Aitziber Zubillaga Emaus Gizarte Fundazioko zuzendari nagusiak eta SpanSet enpresa gipuzkoarreko Marketineko gerente Clara Grijalbok lagunduta.
Proiektuak eragin zuzena du lurraldean ere: lan-poltsak egiteko, 300 lanordu inklusibo baino gehiago behar dira, eta enplegua sortzen da gizartean. Gainera, alfonbra gorria berrerabiltzeak aukera ematen du 1.239 kg CO2 emisioa saihesteko eta 320.460 litro ur aurrezteko, eta, horrela, indartu egiten da klima-aldaketaren aurkako borrokari eta baliabide naturalen kudeaketa jasangarriari egindako ekarpena.
Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok nabarmendu duenez, proiektu hau “ekitaldi handiak eraldaketa-eragile izan daitezkeela erakusten duen benetako adibidea da. Glamourraren sinboloa baliabide erabilgarri bihurtzen dugu gehien behar dutenentzat, jasangarritasunak eta elkartasunak elkarrekin egin dezaketela erakutsiz”.
Bestalde, José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak azpimarratu duenez, “garrantzitsua da Zinemaldiko elementu enblematikoenetako batean, alfonbra gorrian, ikuspegi sozialetik inklusiboak diren eta ingurumena errespetatzen duten irizpideetan oinarritutako prozesu bat ikusaraztea, glamurosoa dena parametro etikoen gainean eraiki ezin delako ideia gezurtatuz”.
Carlos Martínez Gipuzkoako Elikagai Bankuko presidenteordeak eskerrak eman ditu ekimenagatik: “Elikagai Bankutik horrelako ekimen sortzaile eta solidarioak ospatzen ditugu. Zinemaldiko alfonbra gorria poltsa birziklatu bihurtzeak, material ikoniko bati bigarren bizitza bat emateaz gain, gure komunitateak jasangarritasunarekin eta gehien behar dutenei laguntzearekin duen konpromisoa indartzen du”.
Aitziber Zubillaga Emaus Gizarte Fundazioko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “Emaus Gizarte Fundazioarentzat, ekimen honek erakusten du jasangarritasuna eta justizia soziala eskutik helduta joan daitezkeela. Alfonbra gorria mila poltsa berrerabilgarri baino gehiago bihurtzeak, emisioak saihesteaz eta baliabide naturalak aurrezteaz gain, enplegu inklusiboa sortzen du joskintzako tailerretan sartzeko ibilbideen bidez, egoera ahulean dauden pertsonei benetako aukerak eskainiz. Horrelako proiektuek erakunde publikoen, enpresen eta entitate sozialen arteko sareak ehuntzearen balioa islatzen dute, helburu berean lerrokatuta: gizarte bidezkoago, inklusiboago, bidezkoago eta jasangarriago baterantz aurrera egitea ”.
Amaitzeko, Puy Vielba Villabonako SpanSet enpresako Jasangarritasun zuzendariak azpimarratu duenez, “SpanSet-en badakigu keinu txikien garrantzia handia dutela. Edizio honetan 415 kg ehun berrerabiliko dira, eta 276 kg hondakin botatzea saihestuko dugu. Badakigu berrikuntza eta erantzukizuna eskutik joan daitezkeela”.
Aztarna positiboa duen zinema-jaialdia
Akordioak, halaber, Zinemaldiak Gipuzkoako Borondatezko Karbono Funtsean parte hartzea aurreikusten du. Zinemaldia aitzindaria izan zen Gipuzkoan, duela hiru urte funts horren bidez klima-neutraltasunarekin konprometitu baitzen, 8.000 tona CO2 baino gehiago eta 80.000 euroko diru-balioa konpentsatuz. Horrela, nazioarteko erreferente gisa duen posizioa sendotzen du, kultura-ekitaldi handien kudeaketa jasangarriari dagokionez.
Beste berri interesgarri batzuk