“KOSKA BAT ESTUAGO”: unibertsitatea birpentsatzeko gida, zaintzatik, justiziatik eta ondasun komunetik abiatuta
2025ean zehar, Emaus Gizarte Fundazioak praktika-komunitate bat bultzatu du unibertsitatearen alorreko erakundeekin, gizarte-mugimenduekin eta hirugarren sektorearekin batera. Horri amaiera emateko, Hiru(H)Ari jardunaldiak antolatu ziren, Tabakalerarekin eta EHUrekin lankidetzan.
Prozesu horren emaitza “Koska bat estuago. Engranaje feministak unibertsitate emantzipatzaile baterako” gidaren argitalpena izan da. Gida hori ezagutza, ekintza eta zaintza bateratzen dituen eskuliburu ireki gisa sortu da, eta haren helburua gizarte-eraldaketarako prozesu kolektiboak aktibatzea da.
Aradia Cooperativak egindako dokumentuak unibertsitatearen eginkizuna birpentsatzeko gonbita egiten du, krisi ekosozialak, desberdintasunetan sakontzeak eta erakunde demokratikoen legitimitatearen galerak markatutako testuinguruan. Ikuspegi feminista, dekolonial eta antirrazista batetik abiatuta, gidak tresna zehatzak proposatzen ditu irakaskuntza, ikerketa, lan-politikak eta unibertsitatearen eta haren ingurunearen arteko harremana eraldatzeko.
Argitalpenaren arabera, bizitzaren jasangarritasuna, intersekzionalitatea eta sarean lan egitea funtsezko palanka dira ondasun komunarekin konprometitutako unibertsitate baterantz aurrera egiteko, ezagutza sortzeko gai izango dena gizarte- eta ingurumen-justiziaren zerbitzura.
“Koska bat estuago” argitalpenak indartu egiten du gure konpromisoa komunitatearen eraldaketarekin, bai eta unibertsitatearen, gizarte-mugimenduen eta lurraldearen arteko aliantzen eraikuntzarekin ere, eta gizartea aldatzeko erabilgarria den ezagutza sortzen laguntzen du.
Emaus Gizarte Fundazioan, bizitza, zaintzak eta justizia soziala erdigunean jarriko dituzten topaketarako, ikaskuntzarako eta ekintza kolektiborako guneak bultzatzen jarraituko dugu.