Mozorrotruk 2026

Mozorrotruk 2026, bigarren eskuko mozorroen azoka eta trukaketa inauteri jasangarriago baterako

Goiz datoz aurten inauteriak eta, hasi al zara mozorroan pentsatzen? Lasai, Tabakaleran bigarren urtez jarraian Mozorrotruk mozorroen azoka jasangarria egingo dugulako eta bertan denetarik izango baituzu eskura: mozorro osoak, konbinatzeko zatiak, osagarriak… eta batez ere, gauzak elkarrekin eta  beste modu batean egiteko gogoak!

Mozorrotruk Medialab Tabakalera, Impact Hub Donostia eta Emaus Gizarte Fundazioaren elkarlanetik sortutako ekimena da, eta bere helburua dibertigarria, inklusiboa eta ingurumenean ahalik eta inpaktu txikiena izango duen Inauteria bultzatzea da. Horregatik, bigarren eskuko jantzi eta osagarriak berrerabiltzeko hautuarekin bat egin dugu eta, berriz ere, horrelakoei beste bizitza bat ematearekin batera, guztion hobe beharrez pentsatua eta arduratsuagoa izango den festa batez gozatu nahi dugu.

Bigarren eskuko mozorroak erosi ez ezik, elkartrukerako aukera paregabea ere izango duzu azokan, edota aurreko urteetatik etxean gordeak dauzkazunak beste norbaitek gozatu ditzan dohaintzan ematekoa ere. Salmenta, truke eta jasoketa gunea izango da Mozorrotruk, horrenbestez.

Inauterien aurreko bi asteburuetan egingo da Mozorrotruk azoka, otsailararen 5, 6, 7, 13 eta 14ean, alegia. Ostegun zein ostiraletan 17:30-19:30 ordutegian egongo da zabalik, eta larunbatetan 11:30-13:30 ordutegian.

Gainera, zure mozorroari konponketaren bat egin nahi badiozu edo goitik behera eraldatu nahi baduzu, doako bi lantegi ireki egingo dira ere, jostun profesional batek lagunduak eta beharrezko makina, tresna eta materialekin hornituak. Otsailak 7 eta 14an izango dira azokaren espazioan bertan, eta parte hartzeko ez da beharrezkoa izango izena ematea, bertaratzearekin nahikoa izango da.

Behin Mozorrotruk bukatuta, saldu gabeko mozorroak eta dohaintzan utzi direnak, Emaus Gizarte Fundazioaren dendetan jarriko dira salgai beste aukera baten bila.

Aurten Tabakalerako 1. solairuan izango da, info puntuaren pareko espazioan.