Aduna, 2020ko urriak 20


Irizar e-mobilityk, autobus eta kamioi %100 elektrikoak ekoizten dituen enpresak, lankidetzan dihardu Emaus Gizarte Fundazioarekin, ekonomia zirkularreko proiektuak gauzatzeko. Egindako lehenengo lana soberako ehun materialak aprobetxatzea izan da, eserlekuetarako eta aginte mahairako azal edo zorroak sortzeko.

irizar1

 

Irizar e-mobilityren helburua da ibilgailuak ekoizteko prozesuan geratzen diren hondakinei bigarren erabilera bat ematea. Horrela bada, besaulkiak eta aginte mahaiak babesten dituzten zorroak fabrikatu dira, autobusak ekoizteko eta muntatzeko prozesuan zehar marruskadurarik edo akatsik txikiena ere egon ez dadin. Ekoizpen zikloko hondakinak aztertu ondoren, sabaia eta hormak forratzetik geratutako ehun txatalak aprobetxatzea erabaki da, eta Emauseko gizarteratze enpresara (SINdesperdicio) bidaltzen dira, han lan ditzaten. Era horretan, zirkulu interesgarri bat ixten da, non hondakin bat baliabide bihurtzen den, eta gainera, haren ekoizpena elkartasunean oinarritutakoa da.

Argi dago gaur egungo ekoizpen zein kontsumo ereduak eskura ditugun baliabideak agortzera garamatzala, eta, beraz, ekonomia zirkularra dela lehengaiak alferrik galtzeari galga jarri eta kontsumoa murriztea dakarrena. Zerbaitegatik da Irizar e-mobility ingurumenarekin konprometitutako enpresa. Energia alternatiboetan inbertitzen jarraitzen du, eta ekoizten dituen bateriei beste erabilera bat ematen die. Orain, gainera, ekonomia zirkularrarekin lotutako proiektu honetan ere badabil.

 

Zorroak hasiera baino ez dira

Erosi-erabili-bota ekonomia linealaren paradigma hausteko filosofiari jarraiki, eta murriztu, berrerabili eta birziklatzeko helburuarekin, aurrerantzean, zorrotz aztertuko dira ekoizpen fase bakoitzean sortutako hondakinak. Era horretan, Emaus Gizarte Fundazioarekin batera, ixten diren zirkulu berriak aztertuko dira, bai gizarte erakundeak xurgatuta, bai beste eragile batzuen bidez, bai eta sinbiosi industrialaren bidez ere, hainbat enpresaren hondakinak baliatuz ekoizpenerako. Gaur egungo gure ekonomiaren sistema lineala (erauzi, ekoitzi, erabili eta desagerrarazi) bere mugara iritsi da. Izan ere, zenbait baliabide natural eta erregai fosil agortzen hasi dira. Beraz, ekonomia zirkularrak stockak eta materialen, energiaren eta hondakinen fluxuak erabiltzen eta optimizatzen dituen gizarte-eredu berri bat proposatzen du, eta baliabideen erabileraren efizientzia du helburu.

 

irizar3    irizar4

 

Planta honetako hondakin asko eta asko Ormaiztegiko plantako hondakinen parekoak dira, eta han, dagoeneko itxita daude zirkulu interesgarri batzuk: poltsak, motxilak, nezeserrak, agiri zorroak, erosketa orgatxoak, diru zorroak eta kirola egiteko esterila bigungarriak sortzea, besteak beste. Artikulu horiek egungo merchandaisinga ordeztuko dute, eta aipatutako SINdesperdicio enpresak egiten ditu. Beste elementu batzuei ere atera zaie etekina, hala nola zurezko hondakinei, zeintzuk maletategien oinarriak eraikitzeko erabiltzen diren, edo korridoreetako zoru estaldurei, altzariak eraiki edo lurzoru berriak jartzeko erabili direnak, era horretan zirkuluak itxiz. Bide beretik, moda iraunkorreko diseinatzaile baten eskutik sortu dira errezeletatik eta beste material batzuetatik baztertutako txatalen bidez egindako jantziak, hala nola zirak, soinekoak, gonak… eta pieza txikiagoekin, espartinak, giltzatakoak eta turbanteak. 

Orain arte izandako esperientzietatik ateratako ondorioetako bat da sortze prozesuan ezinbestekoa dela “txipa” aldatzea. Normalean, produktu berri bat asmatzen ari garenean, diseinatu egiten dugu, eta ondoren pentsatzen dugu zer materialekin egingo dugun. Ekonomia zirkularra egiteko, beste alde batetik hasi behar da, materialetatik. Materialak aztertu ondoren, tamaina horretako material eta hondakinekin zer produktu sor eta diseina ditzakegun ikusi behar dugu, arreta handiz. Emaus Gizarte Fundazioaren ekimen bat da hau, TRAKZIONA du izena, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du. Lehenik eta behin, enpresa handiei zuzenduta dago, ezartzen diren ekonomia zirkularreko neurriek beste enpresa ertain eta txiki batzuetan trakzioa eragin dezaten.

Ekintza hau «Baliabideak modu eraginkorrean erabiliko dituen Europa» printzipioaren barruan kokatzen da. Printzipio hori Europa 2020 estrategiaren parte diren zazpi ekimen enblematikoetako bat da, eta hazkunde adimenduna, iraunkorra eta integratzailea sortzea du helburu. Gaur egun, Europako estrategia nagusia da, hazkundea eta enplegua sortzeari begira.
Irizar e-mobilityren ekimen honek enpresa kulturako esparru bat sortu nahi du, baliabideen erabileran eraginkorra den eta karbono gutxi isurtzen duen ekonomiarako aldaketan laguntzeko.

 

Izir proiektua

2019. urte bukaeran sortu zen Irizarren Izir marka propioa, ekoizpenaren soberakinetatik sortutako produktuentzat.

Bere izaera berritzailea proiektu honetan konpromiso sozialaren aldagaia txertatzean datza. EMAUS fundazioarekin lankidetzan merchandising-eko produktu sorta bat sortzen ari da fabrikako ehunezko hondakinak oinarri hartuta. Besaulkietatik, barne estalkietatik, etab. datozen ehunezko soberakinak bereizita biltzen dira, eta Eko-Centerrera bidaltzen dira. Gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonei lana ematen dien ehunaren sektoreko tailer horretan sortzen dira Izir markako merchandising artikuluak.

"Izir" produktuen lehen sortak sortzeak 1.500 kg hondakin gutxiago sortzea ekarri digu. Kalkulatzen dugu urtero 3.000 kg hondakin sortzea ekidin dezakegula, baita hondakin horien kudeaketari eta tratamenduari lotutako ekonomia eta ingurumen kostuak ere.

 

Irizar e-mobilityri buruz

Irizar e-mobility autobusak eta ibilbide laburreko kamioiak (%100 elektrikoak, zero isurpenekoak eta karga azpiegituradunak) eta bateriak egiten dituen elektromugikortasuneko Europako lehen instalazioa da. Planta Adunan dago (Gipuzkoa) eta urtean 1.000 ibilgailu ekoizten ditu. Oraintxe bertan, 240 langile ari dira lanean.

 

 

Informazio gehiagorako:
Aiora Contreras
Esta dirección de correo electrónico está protegida contra spambots. Usted necesita tener Javascript activado para poder verla.
Tel.: + 34 607140629

 

irizar2