Emaúsek Tolosaldean kudeatzen dituen ehun-bilketarako hogei bat edukiontzik betetze-sentsoreak izango dituzte, eta horrek hobekuntza handia ekarriko du hondakinen kudeaketaren eraginkortasunean, eta, aldi berea, bilketa hori jasangarriagoa eta adimentsuagoa izatea ekarriko du.

Tolosaldea oso eskualde berezia da populazioaren ikuspegitik. Tolosaldeko Mankomunitateak artatzen duen biztanleria 62.634 biztanlekoa da, 28 udalerritan banatuta.

Lurralde-ezaugarri horrek 1.000 biztanletik beherako udalerri gehien dituen Mankomunitatea bihurtzen du, baita horietako asko 500 biztanletik beherakoak ere. Horren ondorioz, ehunen gaikako bilketa oso zorrotza izatea eskatzen du, udalerri guztietatik igaro behar delako, baina, egia esan, askotan edukiontzia erdi beteta aurkitzen dute.

 

Imagen1.png

 

 Sentsore horien instalazioari esker, bilketa askoz ere eraginkorragoa eta optimizatuagoa izango da. Alferrikako bidaiak saihestuko dira, eta, horrekin batera, bilketa husteko ibilbideen gainkostua eta bilketa-kamioiek atmosferara isuritako CO2 isuriak murriztuko dira, eta horrek klima-aldaketa geldiarazteko onura ekarriko du.

 

Ehun-edukiontzietan sentsore hauek jartzeak, Silicon Valleyk finantzatutako Nord Sense daniar enpresaren sentsoreak, Emaús eta Tolosaldea bilketa adimendunaren berrikuntzaren buru jartzen ditu. Gailu horiei esker, ultrasoinu bidez kalkula daiteke hondakinaren gailurraren eta edukiontziaren goiko aldean jarritako gailuaren arteko distantzia. Gailu horrek mugimendu zakarrak ere detektatzen ditu, esaterako, edukiontzien barrutik arropa lapurtzean gertatzen direnak. Informazio hori guztia urrutiko zerbitzari batera bidaltzen da, eta, horri esker, Emaúsen denbora errealean  jakin daiteke edukiontzien betetze-maila, eta informazio horrekin bilketa-ibilbide ezin hobeak diseinatu daitezke.

 

Imagen2.jpg

 

Datozen hilabeteetan, Tolosaldeko ehun-edukiontzi guztiak aldatuko dira, eta, kasu gehienetan, gaur egun duten kokapena mantenduko da. Horietako hogeiren batean sentsoreak instalatuko dira. Hautatutako udalerriak biztanle gutxien dituztenak dira, mankomunitateko hiri-izaerako udalerrietatik urrunen daudenak, eta egiaztatu da noizbehinkako bilketa-maiztasun handiagoa behar izaten dutela. Sentsoredun edukiontziak honako herri hauetan jarriko dira: Albiztur Abaltzisketa, Alkiza, Altzo, Amezketa, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ikaztegieta, Larraul, Leaburu, Lizartza, Orendain, eta Orexa.

Emaús 2015eko azarotik ari da Tolosaldean ehunak biltzen. Ehunez gain, modako osagarriak, oinetakoak, jostailuak, liburuak eta tresna elektriko eta elektroniko txikiak biltzen dira edukiontzietan. Bildutako objektuak Emaúseko Irungo EkoCenter-era garraitzen dira, eta bertan ingurumen irizpideekin egiten da hautaketa, berrerabilpena lehenetsiz. Berriz erabili daitezkeenak, berrerabiliak izateko prestatzen dira, ondoren gure saltokietan merkaturatzeko. Baztertutako kotoiaren zati bat birziklatu egiten da, moztu eta fardotan biltzen da, erabilera komertziala baitu garbiketa-trapu gisa. Hori guztia gizarteratzeko eta irabazi asmorik gabeko enpresa baten bidez egiten da, eta 50 pertsona baino gehiagori ematen die lana.


2022an, Tolosaldean guztira 303.594 kg ehun eta osagarri bildu ziren, hau da, hiri-hondakinen gaikako bilketa osoaren %1,64, biztanle bakoitzak urteko 4 kg ekarpenaren baliokide dena. Horren guztiaren %15,75 berrerabiltzera bideratzen da, eta %28,25 birziklatzera.

Gogoratu, arropa poltsetan sartuta barneratu behar dela ondoren, hobeto kudeatzeko eta arropak babestuta egoteko, euria egiten duenerako edo edukiontzietan isurketa okerren bat gertatzen denerako (likidoa, zaborra, hondakinak…); arropa, oinetakoak… ez katigatzeko eta puskatzeko eta ehun-biltegia eta beste elementu batzuk ez hondatzeko.