BideGurutzean: bideak eta mugak zeharkatuz, beste mundu posible batzuk eraikitzeko

 

Jone Urionaguena (SOS Arrazakeria Gipuzkoa) eta Sheila Padrones (Emaús Gizarte Fundazioa)

Bidegurutzean proiektuak komunitate inklusiboak sortzen lagundu nahi du, topaketa eta ekonomia sozial eta solidarioa bultzatuz. Horregatik, bideak eta mugak zeharkatzearen aldeko apustua egin dugu, beste mundu posible batzuk eraikitzeko helburuarekin. Horrela, Emaus Gizarte Fundazioak eta SOS Arrazakeria Gipuzkoak bultzatutako proiektu hau, CEP Alforjarekin lankidetza estuan eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin, Upalara (Costa Rica) joan da Cenderosekin elkartzeko eta, bere eskutik, herrialdean kokatutako komunitate nikaraguarren esperientzia sozialak eta solidarioak ezagutzeko.

Cenderos, Migratzailearen Eskubide Sozialen Zentroa, Costa Ricako iparraldean lan egiten duen erakundea da, behartutako desplazamenduan dauden eta indarkeriaren biktima diren mugaz gaindiko emakume migratzaileak, prebenitzeko, artatzeko eta babesteko, haien segurtasuna hobetzeko, justiziarako sarbidea errazteko eta laguntza-sare komunitarioak sortzeko helburuarekin.

Herrialdearen iparraldea txikitzen duten anana monolaborantzen artean, Cenderosek komunitateetako liderrak trebatzen eta laguntzen ditu ekonomia sozial eta solidarioko ekimenen garapenean, alternatiba agroekologiko iraunkorrak eraikitzea posible dela erakutsiz.

Bidaia honetan komunitate horietako batzuk ezagutzeko aukera izan dugu.

ASOMUDAGROS

Imajinatu emakume baserritar bat zarela. Imajinatu zure herrialdeko mugatik 10 kilometro eskasera migratzen duzula. Imajinatu iritsi eta lurrik ez izatea. Asomudagros Costa Rican bizi diren emakume nikaraguarren elkarte bat da, egunero uztak lantzeko eta familiak aurrera ateratzeko borrokatzen dutenak abaka landuz, erabiltzen ditugun maskarak eta te poltsatxoak egiteko erabiltzen den materiala. 

Upalako euren etxean ezagutu genituen, eta Otto urakanean uztak galtzeak zer suposatu zien galdetu genien, baita berreraikuntzarako eta ekintzailetzarako zer ahalmen zuten ere, zuntz horren landaketan aitzindari eta erreferente bihurtu baitira. Erresistentzia ez dela soilik eustea, zerbait berria eraikitzea baizik irakatsi ziguten.

AMECUP

Amecup, Upalako komunitateetako Emakume Ekintzaileen Elkartea, emakumeen kakao proiektu propio bat da eta elkartea osatzen duten Nikaragua eta Costa Ricako emakumeek, amonen jakintzak berreskuratuz, marka ekologiko propioa sortu dute: Cacaotica.

Cenderosen eskutik, elkarteko kideek normalizatutako biolentziak identifikatu eta ekiditea helburu duten “kafe arratsalde”-etan ezagutu zuten elkar. 

Mugaz gaindiko eremu honetan, non lurraren zati handi bat anana makrolandaketek hartu duten eta enplegu egonkorrak urriak diren, Amecup alternatiba iraunkorrak eta solidarioak sortzen ari da bere komunitatetik eta komunitatearentzat. Mariselak dioen bezala: “Emakume guztien artean energia positiboa injektatzen dugu, atzera ez egiteko eta aurrera jarraitzeko”.

AMIGOS DEL AMBIENTE

Amigos del Ambiente Nikaraguako nekazari-komunitatea da, Costa Ricako iparraldeko mugatik kilometro eskasera kokatua, eta bere lurrak lantzea amets duena. Cenderosek sustatutako eskola agroekologikoan parte hartzeari esker, jengibrea eta kurkuma bezalako produktuak lantzen dituzte, eta, horrela, tokiko merkatuan sartzen ari dira.

Ingurumen-baldintzen aurka, merkatu basatiaren aurka eta zonaldeko makropiñeretan enplegatzearen etsipenaren aurka borrokatzen dute.

Euren proiektua lurra lantzeaz haratago doa. Emakume gehiengoa duen elkarte hau egunero jaikitzen da proiektu komunitarioa eraikitzeko.

AMODA

Amoda ere, nagusiki emakumez osatutako komunitate nikaraguarra da. Beraien lurrak, bai elikadura-segurtasuna bermatzeko alokatuta dituztenak, baita tokiko merkatuan laboreak merkaturatu ahal izateko denen artean erosita daukatena, kimikarik gabe lantzeko borrokan ari dira, euren amek eta amonek lantzen zituzten bezala. Horri esker, haien seme-alabak ere gurasoen ereduarekin ikasten ari dira, egiten duten lana baloratzen ikasten duten bitartean.

Izan ere, monolaborantza handietan, non plagizidak eta ongarri kimikoak erabiltzen diren, ezin dira 12 urtetik beherakoak sartu. Baina baratza agroekologikoetan, Amoda komunitateak kudeatzen duena bezalakoa, bai. Horrela, jakintza komunitarioak transmititzen dira, eta haurrek amen eta lurraren lanari balioa ematen ikasten dute, proiektutik harago doazen konfiantzazko eta errespetuzko harremanak sortuz.

ERREFUXIATUEN KANPAMENDUA

Costa Ricako iparraldeko mugan dagoen errefuxiatuen kanpamenduak 40 familia nikaraguar baino gehiago hartzen ditu, herrialdearen egoera politikoaren ondorioz euren lurrak atzean utzi behar izan dituzten nekazariak. 

Urtean 10.000 dolar ordaintzearen truke alokatuak dituzten lurretan, kanpamendurako elikagaiak landu eta txerriak hazten dituzte. Cenderosek 8 txerrama eman zizkien baldintza bakarrarekin: txerramek kumean izaterakoan, beste pertsona bati kume eme bat ematea, elkartasun katea luzatzeko helburuz. Momentu honetan, 100 baino gehiago dituzte.

Elkartasuna, sareak, harremanak eta “etxea” eraikiz, erbestetik komunitatea sortzen duten lurraren defendatzaile hauek, euren istorioak, borrokak, proiektuak eta mahaia partekatu dizkigute.

ESKOLA AGOEKOLOGIKOA

Komunitate guztiak Vocaré finkan dagoen eskolan elkartzen dira. Bertan, lurra ingurumenarekin batera lantzeko gaitzen dira, agroekologiaren funtsezko zutabeetan heziz: nekazaritza eta abeltzaintzako ekoizpena, ingurune naturala eta komunitatea. 

Cenderosek garraioa eta elikagaiak errazten dizkie. Gainera, emakumeen parte-hartzea bermatzen du, seme-alabekin joateko aukera emanez; haurrek zeharka ezagutza horiek barneratzen dituztelarik.

Costa Ricako Unibertsitate Nazionalak irakasleak jartzen ditu eta Fundazio Interamerikarrak (IAF) baliabide ekonomikoak.

Parte-hartzaile bakoitzak jakintza horiek beste 4 pertsonari transmititzeko konpromezua hartzen du. 40 pertsona pasa dira jada eskolatik. Imajina dezakezu hemendik urte batzuetara izango duen dimentsioa?

VOCARÉ

Nekazaritza ekologikoko eskolatxoaz gain, Vocaré finkak bere laborantza eta ganadua ditu, eta naturaz inguratutako nekazalturismoa, non begirune eta maitasun handiz zaintzen duten dagoen ingurunea eta bertan bizi eta bisitatzen duten pertsona eta izaki guztiak.

Eta ez hori bakarrik. Bost familia ere hartzen ditu, hiru costarricar eta bi nikaraguar. Finkak lurra eta hura lantzeko baliabideak, etxebizitza eta prestakuntza ematen dizkie. Lan horretatik lortutako irabazien erdia finkan bertan geratzen da; eta beste erdia, berriz, dagokion familiak nahi duen moduan autokudeatzen ditu: salmenta, trukea, elikagaien segurtasuna.

Horrek guztiak ikasteko, elkarrekin bizitzeko eta komunitatea sortzeko gune ezin hobea bihurtzen du. Eta han itxi genuen bisita, CEP Alforjarekin batera zuhaitzak landatuz. Horri esker, lursaila birpopulatzeaz gain, bidaiaren aztarna ekologikoaren zati bat konpentsatu ahal izan dugu.

Baina bidaia amaitu bada ere, gure harremana ez da hemen amaitzen. Bidegurutzean jarraituko dugu Cenderosek bultzatutako ekimenekin lagunduz, bere ondoan ibiliz eta bideak zeharkatuz Darkum, Gu Haziak Gara, SOS Arrazakeria elkarteko Etxeko Langile Taldea eta Butroi Bizirik Trantsizioan, amesten ditugun komunitate inklusiboetan elkarrekin egoteko asmoz.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *