BideGurutzean. Egunerokotasunetik eraldatuz Gu Haziak Gara elkartearekin

Jone Urionaguena (SOS Arrazakeria Gipuzkoa) eta Sheila Padrones (Emaús Gizarte Fundazioa) 

BideGurutzean-en asko irakatsi ahal diguten elkarteekin gure bideak gurutzatzen jarraitzen dugu. Bidaia hau irailean hasi zen, elkar ezagutzarako izan genuen topaketa batekin. Bertan, lan-ardatz bat ezarri genuen: pertsonak eraldatzeko eraginkorrak izaten ari diren eguneroko alderdiak identifikatzea. Eta lana errazteko, egutegi bat agendatu genuen ere.

Horrela, urrian Darkum elkarteak egiten duen lanean murgildu ginen. Eta abenduan Gu Haziak Gara elkartearen lanean sakontzeko aukera izan genuen, Debagoienan bazterketa-arriskuan dauden pertsonak gizarteratzearen eta laneratzearen alde lan egiten duen elkartea. Eragina sortzeko eta egunero topatzen diren pertsonen bizitza eraldatzeko, elkarteak hiru ardatz nagusi ditu: soziala, prestakuntzakoa eta lanekoa. 

Eta zergatik dute arrakasta? Izan ere, hiru ardatz hauek bateratzeko gai direlako, bakarra izan daitezen, pertsonen eta komunitatearen benetako premiak kontuan hartuz. Hori guztia kontuz, maitasunez eta pasio handiz eginez. Eta jakin badakitenez pertsona eta bere ongizatea direla nagusi, giro goxo eta atsegina sortzen dute elkartearen lokalera hurbiltzen diren pertsona guztiei harrera egiteko. Lehenik, pertsona hori zer moduz dagoen jakitea, nola dagoen jakitea; beranduago, xehetasunetan sartuko dira. Eta beti ere xehetasunak funtsezkoak direla ulertuz. 

Eta Gu Haziak Gara-k ezin badio behar bati erantzun, ez dute beste eragileengana joateko zalantzarik: beste erakunde batzuek, administrazio publikoak, prestakuntza-zentroak… Ia 10 urteko esperientzian ehuntzen joan diren sarea zabaltzen dute, pertsona bakoitzak bere lekua aurki dezan komunitatean. Eta baita komunitatea pertsona guztien inklusioan inplika dadin ere. Izan ere, sareko lana funtsezkoa da bere egiteko eran, gizarte-eredu berri bat sortzeko eran.

Horrela, eta Darkumek bezala, harrera beretik konfiantzazko espazioak sortzen dituzte. Parte-hartzaileek beren bizipenak, prozesuak eta zailtasunak partekatzeko guneak. Horri esker, pertsonak osotasun baten parte sentitzen dira eta proiektuan parte hartzen dute. Eta horrek aldaketa ematen die egiteko modu tradizionalei. 

Hortaz, eskaintzen dituzten prestakuntza eta tailerrak (joskintza, kakorratza, estanpazioa…) eta egiten dituzten jarduerak (horma-irudiak, sentsibilizazioa, eskola-errefortzua…) guztien artean eta guztientzat antolatzen dituzte. Horregatik, dirurik ez duenak bere denborarekin ordain dezake, elkartea mantentzen lagunduz, bere zerbitzuak eskainiz edo bere ezagutzak gainerakoekin partekatuz beste prestakuntza baten bidez. Eta, gainera, komunitatean eta haien beharretan pentsatuz egiten dute. Horren adibide da Egokitu proiektua. Arropa egokitzea helburu duen proiektu horretan murgilduta daude azkenaldian, mugikortasun murriztua duten pertsonei bizitza errazteko. Aldi berean, bazterkeria-egoeran dauden pertsonentzako gizarte- eta lan-aukerak sortzen dituzten bitartean. 

Baina Egokitu elkarte honek egin dezakeen guztiaren adibide bat besterik ez da. Horregatik, beraien jardueretara hurbiltzera eta hobeto ezagutzera gonbidatu nahi zaituztegu, guztion artean ikasten eta eraldatzen jarrai dezagun. Bidegurutzean izeneko gurutzatze hau Emaus Gizarte Fundazioak eta Gipuzkoako SOS Arrazakeriak bultzatzen dute, CEP Alforjarekin (Costa Rica) lankidetza estuan eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin. Eta bertan Butroi Bizirik Trantsizioan, Cenderos, Darkum, Gu Haziak Gara, SOS Arrazakeriako Etxeko Langile Taldea, Adsis, Saretuz eta Cristina Enea Fundazioa bateratzen gara, amesten ditugun komunitate inklusiboetan elkarrekin egoteko.

 

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *