DIRUAZ HARATAGO. TruKe eta ElkartruKe Solidarioak Costa Ricatik

Emaus Gizarte Fundazioan gizarte arduratsu eta inklusiboago bat lortzeko bidea sare-lanaren indarrean oinarritu behar dela sinesten dugu. Horregatik, sare-lanaren arloan eskarmentua daukatenekin batera ibiltzea gustatzen zaigu, ikasteko eta gure sareak indartzeko asmoz.

Jada bi urte beteko dituen GuanaRed-ekin egindako elkarlana (Costa Rica-ko Arte eta Kultura-Kudeaketa komunitarioko Sarea) ibilbide honen emaitza izan da, non CEP Alforja ere izan dugu bidelagun. Parte-hartzaile guztien artean eraiki den prozesu honetan, sareen eta elkartruke kontziente eta solidarioen inguruan hausnartzeko aukera izan dugu.

GuanaRed-ek esaten duen bezala, beste mundu batzuetan sinesteak gure ekoizpen, kontsumo eta elkartruke moduak berriz pentsatzea esan nahi du. Eta ohiko eta oso aspaldiko praktikak berreskuratzea dakar, bizitzarako eKonomia baten alde egiten dutenak; Lurran elkarrekin bizi diren izaki guztiak duin bihurtzen dituen eKonomia bat.

EKonomia, K larriz idatzita. Grafia disidentea, disidentea den praktika ekonomiko bat islatzeko; bizitza suntsitzen duten dinamika ekonomikoetatik ezberdintzeko modua. Horregatik, GuanaRed-ek truKearen alde egiten du apustu, Latinoamerikan kolonia baino lehen ematen zen elkartrukerako ekimen sorta delako; eta baita praktika eta kontzeptuaren antzinako jatorri indigenen aitorpena ere.

Diruaz haratago gidak GuanaRed osatzen duten hainbat kultura-kudeatzaileen praktika eta jakintza biltzen du. Eta Euskal Herrian ere aitorpen eta ekimen hauek topa ditzakegunez, gida honen bitartez truKe eta elkartruke solidario ezberdinak partekatu nahi ditugu.

Gida hau elkarlanean osatu da, GuanaRed-ek ez digulako bakarrik elkartruke ekonomikoko praktikak erakutsi. Baita beraien lan egiteko erak ere, non topaguneei eta esperientzien elkartrukeei ematen zaien lehentasuna, sare-lanean aritzearen indarra erakusten digu.

Sarearen antolakuntza hobeto ezagutzeko, Las Chicharras lan-taldeak, GuanaRed-en komunikazio talde berak, hurrengo bideoa grabatu du. Bertan beraien baloreak, eremu sakratuak, lan-korronteak erakusten dizkigute; eta baita beraien ekintzek oinarri dituzten lau akordio toltekak ere.

Eta orain, sarea pixkat gehiago ezagutzen dugularik, hobeto ulertu dezakegu nola sortu da gida. Prozesu honetan 25 kolektibo inguru hartu dute parte, beraien esperientziak partekatzen, bai sinkronizazio kolektiboetan, baita lan-korronteek eskaintzen dituzten elkartrukerako eremuetan ere; bereziki ekonomia solidarioaren korronteak.

Horrela, hilabetez inurritxoen lana egin ondoren, truKea bultzatzen duten taldeak elkarrizketatzen eta denen artean bai barne topaketetan, baita kanpora begira egiten diren ekintzetan ere elkartrukeko ekimenak identifikatuz, aletegia esperientzia ezberdinekin betetzea lortu da.

Gida baten antzera aurkezten dugun aletegia; kontsumo kontziente, arduratsu eta eraldatzaileko prozesuak elikatzeko balio izatea espero duguna.

Doain deskargatu dezakezu hurrengo estekan:

https://www.emaus.com/pdf/TruekeGuanaRed_eus.pdf

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *