(H)ARITUZ Komunitatea sortzen Euskal Herria eta Costa Rica-tik

Sheila Padrones, Hezkuntza Eraldatzailerako teknikaria

Sare mota ezberdinak daude.
Badaude arrantza sareak, gerturatzen diren arrainak bertan harrapatuta gelditzeko botatzen direnak…
Eta badaude puntu sareak ere.
Korapilo batekin hasten diren sareak eta tamaina eta kolore ezberdinak elkartuz sortzen direnak,
Hau da eraiki nahi dugun sare mota.

Ezohizko egoera batean gaude. COVID-19-aren hedapenaren bizkortasunak sortutako osasun-larrialdiak agerian jarri du gure egunerokotasunean hain beharrezkoak ditugun zaintza-lanen garrantzia. Are eta gehiago besteengana hurbildu eta besteak ukitzea hain arriskutsua den une honetan. Eta zaintzea ukitu, laztandu edo musurik eman gabe, hain zaila izan arren, pertsona ugarik komunitatearen zerbitzura jarri dute bere burua, elkartasun-sareak sistemak ikustarazten diguna baino askoz sendoagoak direla erakutsiz. Eta, hain zuzen ere, hauek egoera gogorrenetan azaleratzen direla.

Inolako probetxurik atera gabe, behar gehien duten pertsonen zerbitzura lan egiteko elkartu diren pertsonak. Gauza bitxi bat gertatzen ari baita: nahiz eta itxuraz birusek diru edo gizarte mailaz ez jakin, pandemia honen ondorioak egoera ahulenetan zeudenak ordaintzen ari dira, beste hainbat krisialdietan bezala. Ikustezinak diren personak; gizarte-argazkietan bere tokia ez dutenak, mina egiten baitigu zein nolako egoeretan egin behar dieten aurre sistemak sortutako ajeei ikusteak. Emakumeak, adinekoak, etorkinak, zaintzaile eta garbitzaileak, etxerik gabekoak, kontratu, ikasketa edo paperik gabeko langileak. Sistemak aurrera egiteko eta mantentzeko hain beharrezkoak diren pertsonak, hain zuzen ere.

Bestalde, konfinamenduaren arintzeak irudi bitxiak uzten ari da. Kaleak jendez gainezka;ehunka bizikletek hartutako errepideak; etxe ondoan dugun, baina orain arte ezagutzen ez genituen, berdeguneetatik egindako ibilbideak; etab.; gure hirietan ezezaguna zitzaigun postala erakutsi digute, gure inguruaz gozatzeko dugun beharra eta eskubidea azaleratuz.

Zer pentsatu handiak eman dizkigu honek, noski. Gure gizartea nolakoa zen, baina baita ere aipatzen hasia den normaltasun berri hori nola izatea gustatuko litzaigukeen pentsarazi digu.

Emaús-en argi daukagu. Aspaldi hasi ginen parte-hartze komunitarioaren alde lan egiten, elkarlan-sareak sortzearen beharra azpimarratuz; eta baita era arduratsuan kontsumitu behar dela azalduz, eskuratzen ditugun produktu eta zerbitzuak ingurumena eta ekoizleen bizi baldintzak zain ditzaten. Azken urteotan, gainera, gure kaleen merkantilizazioaren jakitun, espazio publikoen erabilerari buruzko hausnarketa hasi dugu.

Orain dela hilabete batzuk, blog honetan bertan, Debagoienan espazio publikoen gida bat osatzeko Gu Haziak Gara elkartearekin batera garatu den prozesuaren berri eman genuen. Prozesu honek publikoa eta doakoa denari buruz hausnartzea baimendu digu; eta baita tokiak partekatzerakoan sortzen diren harremanei buruz ere. 

Bestalde, Hik Hasi egitasmo pedagogikoarekin batera eta Euskal Herriko hainbat enpresen elkarlanarekin, hondakintzat jotzen den materiala haur hezkuntzan banatu genuela kontatu genuen ere; haurrek esperimentazioaren bitartez ikas dezaten, sekulako hondakin sormena ikustarazteko eta, noski, arazo honen inguruan kontzientzia pizteko.

Eta baita, beste eredu ekonomiko bat sustatzen duen truke gida baten berri eman genuen ere, GuanaRed, Costa Rica-ko kultura kudeatzaileen sarearekin batera garatu dena. Gida honen helburua beste eredu ekonomiko bat sustatzea da, maiz ematen diren elkartruke ez monetarioak balioan jarriz. Aurretik aipatutako elkartasun-sareak praktika hauen adibide ezin hobea dira.

Hiru prozesu hauek ez dira kasu isolatuak izan, azkenengo bi urtetako elkarlana baizik. Elkarlan hau Costa Rica-ko Alforja Ikasketa eta Publikazio Zentroarekin batera egin da eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren babesarekin aurrera eraman den proiektu zabalago batean kokatzen da, bertan parte hartu duten protagonista guztiak saretzea baimendu duena.

Prozesu hau partekatu duten hiru kolektiboak eta bertan parte hartu duten ADSIS Fundazioak, Saretuz-ek eta Emaús-en Gizarteratze sailak, nahiz eta testuinguru ezberdinetan kokatzen diren, baita geografikoki ere, amankomunkeko alderdiak dituzte. Guztiek partekatzen dute kontsumo arduratsua eta gizarteratzearen aldeko apustua. Eta hau bera dute oinarri komunitate inklusiboak sortzerako orduan.

Horregatik, funtsezkoa iruditzen zitzaigun esperientzia hauek elkartzea, hauek sistematizatuz gure sareak eta ezagutzak partekatu eta handitu ahal izateko. Eta horrela, eta beti ere elkarrekin, gaur eta biharko erronkei hobeto aurre egiteko.

Prozesu honetan zerbait nabarmendu behar bada, parte-hartzaile guztiak sare-lanaren indarra azpimarratu dutela da; eta baita zaintzaren garrantzia eta egiten diren elkartrukeak ardutsuak izatearen beharra ere. Alderdi guzti hauek funtsezkoak dira amesten ditugun komunitate inklusibo horiek sortzeko.

Horregatik, eguneroko ekintzak eraldatzea hain beharrezkoa den une honetan, prozesu honen emaitza partekatu nahiko genuke, denen artean ehuntzen jarraitzeko asmoz. Egiteko era ezberdinak balioan jartzeko. Gure ehuntze horretatik abiatuta, bazterketarik ez duen gizarte sare bat eraikitzeko; erantzukizuna eta errespetua oinarri hartuz.

Emaús-en jakin badakigu gure egiteko eren eraldaketa apustu politiko bat dela. Eta irekitzen ari den testuinguruak honen alde pasuak ematea baimentzen digu. Horregatik, dokumentu hauek normaltasun berri hau ehuntzeko bidean lagungarri izatea espero dugu. Ezin baitugu ahaztu normaltasun hau guztion artean eraiki behar dugula eta parte-hartzea izan behar dela gure komunitateen arautzeak hartu beharko luketen oinarria.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *