HOMELESS FILM FESTIVAL Aukera berriak bilatzen duten pertsonen jaialdia

Oreretako Koldo Mitxelena BHI-an DBH-ko 4.mailako ikasleekin elkartu gara. Emaus Gizarte Fundazioko talde bat hurbildu gara; 14 eta 15 urteko gazteekin beraien bizipenak partekatzeko prest dagoen taldetxo bat.

Zirkulu bat egin dugu aulkiekin giro goxoago bat sortzeko, Emausek kudeatutako Gaztelutxo eta Ubako egoitza zentroetako partaideak eroso sentitzeko, segurtasuna sentitzeko. Egingo dutena ez baita erraza.

Bi pertsonek beraien bizipenak kontatu dituzte, nola bizi ziren, zer egiten zuten, non egiten zuten lo orain bizi diren egoitza zentroetara iritsi baino lehen. Zer gertatu zen kalean lo egitearen egoera jasanezin horretara iritsi arte; kalean edo, egunik hoberenetan, udal zerbitzuek etxegabeentzako bideratutako aterpetxeetan. Bizitza ezberdinak, pertsona batzuontzat pentsaezinak iruditzen zaizkigun egoerengatik markatuta, irudikatu ezinak. Eta gogorra izanik ere, alaitasunez kontatzen dizkiguten bizipenak, ikasleek arretarekin entzuten dituztenak, jolas-ordua iritsi dela ere konturatu gabe entzuten jarraitzen dutenak. Txirrinak jo du. Eta, hala ere, beraien eserlekuetan geldi daude.

Donostiako Aiete auzoan gaude oraingo honetan. Han antzeko egoera bat bizi dugu. DBH-ko 4.mailako ikasleak dira ere; Axular Lizeokoak hain zuzen ere. Emausek kudeatutako Munto egoitza zentroko partaide talde batek bere bizitza partekatuko du. Prozesua ezberdina da, kasu honetan gazteak Muntora hurbilduko dira, non 21 pertsona elkarrekin bizi diren eta beste 21 egunero joaten diren han dagoen eguneko zentrora. Bertan bizi diren pertsonen biziera gertutik ezagutzeko aukera izango dute, zentroaren egitura, egiten diren ekintzak, baita Munto beraien etxetzat jotzen duten pertsonen ezaugarriak ere; beraien kezkak.

Eta kezkak kezka, ikasleen artean ere batzuk sortu dira.

Nolakoa da zure egunerokotasuna? Zentro hauetatik pasatzen diren pertsona guztiek berreskuratzen al dute beraien bizitza? Nola jakin dezakegu nora jo laguntza bila?

Erantzun errazak ez diren galderak, baina, aldi berean, gazteriaren ardurak erakusten dituztenak, hauen jakiteko nahia eta ikasteko gogoa, etorkizunean egoera hauek ekiditzea baimenduko dutenak; inor kalean lo egitera behartuta egongo ez den gizarte bat eraikitzea baimenduko dutenak.

Hausnartzera gonbidatzen gaituzten galderak eta erantzunak, giza-arazoei konponbideak bilatzera gonbidatzen gaituztenak, konprometituta dagoen gazteriaren eskutik; etorkizuna beraien menpe dagoela dakien gazteriaren eskutik.

Era berean, sormena garatzera gonbidatzen dituzten galdera eta erantzunak ere. Gazte hauek beraien hausnarketak ikus-entzunezko lan ezberdinetan jasoko dituzte, azaroaren 15ean Donostiako Victoria Eugenia antzokiaren Club aretoan elkarrekin ikusiko dituztenak.

Bertan Iván Iparraguirrek zuzendutako Zenbatu antzerki taldearen Desarraigadas antzezlana ikusteko aukera izango dute; hain zuzen ere, prozesu honetan bidelagun dugun Bizitegi elkarteko erabiltzaileak protagonista diren antzezlana.

Goiza gazteentzat utziko dugu.

Arratsaldea, berriz, herritarrekin partekatuko dugu. Victoria Eugeniako Club aretoan bertan izango da, 18:00etatik 20:00ra bitartean, Manchesterreko Homeless Film Festival-ak (egitasmo honen sortzailea izan dena Erresuma Batuan 2011n) etxegabekoei buruz egindako hainbat laburmetraia ikusteko aukera izango dugu. Baita Bizitegik, 2016tik jaialdi hau Bilbon antolatzen duen elkarteak, egindakoak ere.

Antzerkia ere izango dugu protagonista arratsaldean. Sevilla-ko Mujereando konpainia izango dugu gure artean, Carmen Tamayok zuzendutako Quejío de una Diosa antzezlanarekin. Antzezlan honek etxegabeko emakumeen errealitatea hurbildu nahi digu, taldearen partaideen testigantzen bitartez. Indarra duen antzezlana dugu hau, bertan aktoreek, emakumeak guztiak, aulki batzuk soilik erabilita, beraien arima biluztu eta gurea betetzen dute. Jainkosa hauen istorioak entzun eta sentiaraztea baimentzen digun antzezlana.

Hala ere, jaialdi hau aitzakia besterik ez da. Prozesu bat ospatzeko aitzakia. Topaketa honen gakoa partaidetza baita. Giza errealitate hau antzerkiaren bitartez ezagutzeko aukera ematen digun partaidetza, non protagonistak bazterkeria egoeran bizi edo bizi izan diren.

Antzezlan hauek protagonistei beraien esperientzia kontatzeko aukera eman dieten egitasmo artistikoak dira. Baina baita emateko, sortzeko, distira egiteko aukera eman dietenak ere. Azken batean, bizitzan edonork merezi duen aukera topatzea baimendu dieten egitasmoak dira. Kasu honetan zinema eta antzerkiaren bitartez.

Hemen duzue eguneko egitaraua begirada bat bota dezazuen, etortzeko gogoa pizteko eta benetan aberasgarria den prozesu hau denon artean partekatzeko; oso aberasgarria dena, ez bakarrik gazteriarentzat edota Emausek kudeatutako zentroen erabiltzaileentzat, baita errealitate hauek ezagutzera hurbiltzen den edonorrentzat ere, bi orduz soilik bada ere.

Inskripzioak: www.bizitegi.org/inscripciones

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *